Prentsa-oharra, 2012ko otsailak 3

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (Euskal Herria) bilera erronda berri bat egin du aste honetan Euskal Herrian. Gure helburua alderdiek emandako mandatuan definitutako bera izaten jarraitzen du: Euskal Herriko gatazkaren konponbidea bizkortzen, errazten eta sustatzen jarraitzea.

Zentzu horretan, gure bisitak eragindako interesa gogoan hartzen dugu. Normalizazio politikoranzko bultzada mantentzeko euskal gizarteak duen desioaren adibide bat dela pentsatzen dugu.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen mandatuaren arabera Taldearen funtzioetako bat alderdiak animatu eta zerbitzatzea da, hala eskatzen den neurrian, elkarrizketa politikorako egutegi bat prestatuz eta garatuz. Bestalde Donostiako Nazioarteko Konferentziako Adierazpenaren 4. puntuak dioenez “askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.”

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak elkarrizketa prozesu erabakitzaile baten mahai alderdianitza martxan jartzea Euskal Herriko alderdi politikoek kudeatzen dituzten instituzioei, hiritargoaren legezko ordezkari bezala, dagokiela ulertu eta errespetatzen du. Arazoa gai honi dagokionez zera litzateke: sektore politiko guztiak ez daudela Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta, eta honek kontaktuak inklusiboak ez izatea suposatuko lukela eta beraz, legezkotasun falta izango luketela.

Sortu ahalik eta lasterren legezkoa izatea eta datozen hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea espero dugu. Horrela, hauteskundeen ondoren, alderdi politiko guztiek ordezkapena izan ahalko dute legebiltzarrean eta gatazka konpontzeko elkarrizketa erabakitzailea posible izango da.

Bitartean, alderdi politiko guztiak elkarrizketa erabakitzaile bat prestatzeko lanean hastera animatu nahi ditugu. Komunikazioa eta behar den konfidantza elkarrizketa informal eta egonkorren bidez lortu daitezke, “elkarrizketaren gaineko elkarrizketa” deritzona. Modu horretan, Legebiltzar berriak normalizazio politikorako erronka garrantzitsu honi aurre egiteko oinarriak finkatu ahal izango dira.

Elkarrizketaren gaineko elkarrizketa hau aktibatzearen ardura alderdi politikoena da. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak laguntza eskaintzen jarraituko du eta bere kideak aholkatzeko edo laguntzeko prest daude hala eskatzekotan.

Bilbon, 2012ko otsailaren 3an

Advertisements
%d bloggers like this: